Opus caementicium edo hormigoi erromatarra (latinezko opus “obra, lana” eta caementum “legarra, harri landugabea”) morteroz eta mota guztietako harriz (hondakinez, adibidez) egindako eraikuntza-material mota bat da, hormigoiaren itxura duena. Nahasketa obran bertan egiten zen, mortero-palakadak harri-koskorrekin txandakatuz.
Erromatar hormigoia enkofratu baten barruan forma emanez bakarrik erabil zitekeen, edo hormen eta gangen arteko espazioak betetzeko erabili, enkofratu galdu gisa funtzionatzen duten harrizko bloke angeluzuzeneko bi hormen arteko espazioa betez (opus quadratum, opus vittatum eta opus reticulatum). Horma igo ahala, adreilu ilarak zeharka jar zitezkeen paretan, eta horrek aukera ematen zuen kanpoko bi paretak lotzeko, bien arteko distantzia konstante mantendu eta multzoaren erresistentzia handitzeko.
Opus caementicium-a eraikuntza erromatarren arrakasta arkitektonikoaren gakoetako bat da, bere exekuzio abiadura azkarra zelako eta behin bukatuta eraikuntza sendoa zelako. Pieza bakarreko kupula mota bat egiteko aukera eman zuen, hormigoizko ganga deiturikoa, dozenaka metroko bao bat irekitzeko diseinatuak, Majencioko Basilika edo Agriparen Panteoia kasu.
Erromatar hormigoiaren erabilera K.a. 150. urte inguruan orokortu zen; zenbait adituk mende bat lehenago garatu zela uste dute.[1]
Hormigoi erromatarra eta modernoa desberdinak dira, erromatarrean, agregakinek, askotan, osagai handiagoak izaten baitzituzten, eta horregatik jartzen zen bota beharrean.Hormigoi erromatarrek, beste edozein hormigoi hidraulikok bezala, ur azpian fraguatzeko ahalmena zuten, eta hori baliagarria izan zen zubi eta ibaiertzeko beste eraikuntza batzuk eraikitzeko.